Hernani

Erdi Aroko hiribildua

San Agustin komentua

Eliza Erdi Aroan

Plaza Berria

XX. mendearen hasiera

Beroitz Etxea

Goi-gizartea

Dorretxea

Defentsarako Hernani

San Joan eliza

Herriarentzako eliza

Udaletxea

Karlistadak

Andre kalea

Sagardoa

Arkua

Hernaniko harresia

Portalondo

Ermandadeetatik aldundietara





Plaza Berria

XX. mendearen hasiera

Gaur 1924ko irailaren 27a da, larunbata. Plaza Berria jendez gainezka dago. Ez dago baserritarren posturik, baina merkatariek denetarik saltzeko aprobetxatzen dute aukera, jendaurrean hitz egiteko izaten duten trebetasunaz baliatuta.

Jendetzaren artean, «Txirrita» bereiz daiteke, bertsoak paperean inprimatuta saltzen dituen herritar ezaguna. Batzuek bertsoak eskatzen dizkiete, gehienetan, jokabide gaitzesgarriko pertsonen aurkako eskarnioekin egina. Kale Nagusitik igarotzean, Joxepa Zubeldiak balkoitik erantzungo dio beharbada, sekulako inprobisazio-erronka batean murgilduz. Emakume bertsolariak ez dira ohikoak, baina Joxepa ez da emakume arrunta. Gaztetan, Madrilera joan behar izan zuen zerbitzatzera. Bertan, ezkondu egin zen, baina senarra gaixotzean, Hernanira itzuli behar izan zuen, bere jaioterrira. Ez zion inoiz utzi bertsoak abesteari.

Joxepa Zubeldia bertsoak jarri zizkion matxinada herrikoiari, eta 1918an baztangak jotako gaixoak Hernaniko ospitalera eramatearen aurka agertu zen.

Batez ere, herriko emakumeek egindako presioak geldiarazi zuen gobernuaren inposizio hori.

Donostiatik, Irundik, Frantziatik… etorri da jendea. Izan ere, gaur «Lasarte-Oriako automobil-zirkuituaren bigarren edizioaren» finala ospatuko da. Bolidorik azkarrenak, markarik ospetsuenak eta Europako piloturik onenak igaroko dira Hernaniko erdigunetik; ikusmin handia dago.

Lasarte-Oriako automobil-zirkuitua

Urte luzez munduko zirkuiturik ikusgarrienetako bat izan zen, eta pilotuen gustukoenetako bat. Lasartetik, Andoaindik, Urnietatik eta Hernanitik igarotzen zen 17 kilometroko ibilbidea.

XX. mendearen hasieran, Hernanik nolabaiteko oparoaldi ekonomikoa bizi du. Kaleak harriztatuta daude, argi elektrikoarekin argiztatuak; postetxea dago, baita telefono publikoa ere. Hala eta guztiz ere, tranbiak ekarri du iraultzarik handiena, 1903tik Donostia eta Hernani lotzen dituenak. Hiriburuko jende asko hurbiltzen da pasieran ibiltzera, bertako sagardotegiez gozatzera edo Adarraga txokolategiko gutiziak dastatzera. Geltokian, tranbiara beren salgai onenak gainean hartuta igotzen diren baserritarrekin topo egiten dute, baita hiriburuko jende ahaltsuaren arropa garbia daramaten garbitzaileekin ere. Tranbian sartu eta Plaza Berrian bira eman ondoren, Donostiara joateko bidea hartuko dute.

Tranbiak pertsonen joan-etorria errazten du eta hiriburuko modak hurbiltzen ditu. Plaza Berrian, hain zuzen ere, etxe polit bat eraiki zuten 1907an, beirate eta kapera zoragarrikoa, itxura erromantikoko estilo modernistakoa. Ramon Kortazar arkitekto donostiar ospetsuaren lana.

Loraldi-giro horretan, inork ez zukeen imajinatu ere egingo 1936ko Gerrak urte gutxi batzuetara zer nolako miseria eta mina ekarriko zituen, baina hori beste istorio bat da.