Nola iritsi
7. Andre kalea
Andre kalea
Sagardoa
Andre kalea da Erdi Aroko Hernani osatzen zuen “beste” kalea. Eraikinei so eginez gero, erraz ondoriozta daiteke Kale Nagusia aberatsen kalea zela: merkatari arrakastatsuena eta aristokraziarena, batez ere. Bestalde, Andre kalean bizi ziren langile-klase apalenak, etxe xumeagoetan. Hasiera batean, bi solairukoak ziren: beheko solairuan elikagai galkorrak eta sagardoa gordetzen ziren, eta goiko solairuan, berriz, etxebizitzak egoten ziren.
Etxe gehienak su-hesi betek banatzen ditu; izan ere, suteak etengabeak izan dira Hernaniko historian, eta haien indar suntsitzailea geldiaraztea sekulako obsesioa izan da. 1542ko Ordenantzetan, etxebizitzak «harri eta masarekin» eraiki behar zirela jasotzen zen, egurrezko eraikuntzak saihestuz. Gainera, Kontzejuak bere gain hartzen zituen ezohiko neurriek sor zitzaketen gastuak, hala nola su-foku baten ondoko etxeak eraisteko gastuak edo, ura eskuratzeko zailtasunak zirela-eta, sagardoa sua itzaltzeko baliabide gisa erabiltzeak sortutakoak.
Baina, agian, euskal itsasgizonen eta sagardoaren arteko lotura izango da kapitulurik interesgarriena. Euskaldunek bikingoengandik ikasi zituzten nabigatzeko eta itsasontziak eraikitzeko teknikak. Erdi Arotik, balearen salerosketan aritu ziren, industria horretako buru bihurtu arte. Arrantzategiak bilatzen ari zirela iritsi ziren, hain zuzen ere, Ipar itsasora, Islandiara, Groenlandiara eta, azkenik, Ternuara, Kolonen aurreko garaian ziurrenik.
Espedizio konplexu haiek hainbat hilabete luzatzen ziren eta edateko ura arazo handi bat izaten zen, denborarekin usteldu egiten baitzen. Irtenbidea ura eta sagardoa nahastea izaten zen. Itsasgizon bakoitzak egunean hiru litro inguru edaten zituela balioesten da, eta beraz, 50.000 litro inguru behar izaten zituzten 8-9 hilabeteko espedizioetarako. Seguruenik konturatu ere egin gabe, sagardoak ematen zizkien ez gaixotzeko eta eskorbutoa saihesteko behar zituzten nutrienteak eta C bitamina.
Gaur egun, sagardo-sasoiaren hasiera ―«txotx»― gure lurraldeaz haratago iristen den gertakari sozial bihurtu da, eta sagardotegiak eta sagardoaren kontsumoa urte osoan zehar normalizatu dira.
Esteka interesgarriak:
EVOLUCIÓN HISTÓRICO-CONSTRUCTIVA DE LOS EDIFICIOS RESIDENCIALES DEL CASCO HISTÓRICO DE HERNANI:
Sagardoa:
http://www.sagardoarenlurraldea.eus/eu/